Berrikuntza handia gertatzen ari da ikastoletako Haur
Hezkuntzan. Abiapuntu eta beharrak hagitz desberdinak izanik, bakoitza
bere eran eta martxan doa, baina bide berbera egiten ari dira 60
ikastola. Aldaketa nagusia haurra erdigunean jartzea da.
KOMUNITATEA
Komunitatearen balioa berreskuratu nahi dute. Adibidez, ume baten amatxiren baratzera bisita egiten dute bere jakinduria jasotzeko. Haurra harro eta amatxi ere bai.
Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko
behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina
hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar duen eguzkiaren beroa
eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek
berak dakarren lorea emango du.
Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura».
Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura».
Testu horrek laburbiltzen du ikastolek nola ulertzen duten orain
umea. Hor egin dute lehendabiziko aldaketa Haur Hezkuntzarako proiektua
sortzerakoan. Goazen pausoz pauso. Beñat Azurmendi egitasmo honen
arduradunak abiatze puntuan kokatu gaitu: Azpeitiko Ikastolak, Arizmendi
Ikastolak eta Mondragon Unibertsitateko Hazitegik Bordeleko
Montagnerren eskola bisitatu zuten. Han jasotakoarekin zazpi ikastolako
taldea, Ikastolen Elkartea eta Hazitegi elkartu, eta markoa lantzeari
ekin zioten duela lau urte. Oinarrizko dokumentu horretatik jaio zen
proiektua, atzean teorizazioa eta ikuspegi zientifikoa dituen ardatz
batekin: ikaslea eta bere beharrak erdigunean jartzea. 60 ikastolatara
hedatu da. «Bakoitzaren abiapuntua oso ezberdina dela konturatzen ari
gara, baina nazio proiektua da eta ikuspuntua berdina da denontzat.
Lehendabiziko helburua ikastola bakoitzak bere proiektua egitea da, bere
baliabide, errealitate eta beharrekin», esplikatu du Azurmendik.
Horretarako aholkulari eta laguntzaile dituzte zazpi ikastola
aitzindariak, Bergara, Altsasu, Ibarra, Lekeitio, Durango, Elorrio eta
Azpeitikoak.
Ikastolaren arabera aldatzen den arren, Haur Hezkuntzak 0 eta 6 urte
arteko txikiak hartzen ditu barrenean. Baina proiektuaren ikuspegia
zabalagoa da. Pertsona proiektu osoa hartzen da kontuan eta, hala,
aldaketa Lehen Hezkuntzara ere hedatzen ari da. Oinarrian hiru irizpide
daude: haurrarenganako errespetua (bere erritmoak, izaera, jarrerak...
pertsona bezala aintzat hartzea); konfiantza (bera gai da bere bidea
eraikitzeko eta irakasleak horretan konfiantza badu aukera gehiago
izanen ditu txikiak) eta ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatzea.
Ekiteko espazioak jarri
Funtsa ekintza denez, ekiteko guneak jarri dituzte: motrizitatea
lantzeko gunea, esperimentatzekoa, eraikuntzakoa... baita gordetzekoa
eta lasaitzekoa ere. Umeari eskutik helduta erakusten ahal diogu oinez,
ala bidea bakarrik egiten uzten ahal diogu. Bigarrenaren aldeko hautua
egin dute eta horrek ezinbestean ekarri du irakaslearen rola aldatzea.
Prozesuaren zaintzaile eta behatzaileak dira orain. Ebaluatu ere bidea
egiten dute emaitza beharrean, kontuan hartuta taldeko haurrak hagitz
desberdinak direla eta denentzako errezetak bukatu direla.
Umeak ezinbestekoa du atxikimendu edo babes irudi bat izatea
ikastolan eta horregatik hagitz ongi zaintzen dute lehenbiziko kontaktua
irakaslearekin. Gurasoak ere gelan sartzen dira. «Askotan bost minutu
dira soilik baina haurrak ikusten badu gurasoak irakaslearekin
konfiantza duela soltatu egingo da».
Espazioak libreagoak izateak ez du erran nahi ez dagoela araurik eta
ezetzik. «Umeek errespetatuak sentitu behar dute eta orduan ulertuko
dute nik ere errespetua behar dudala». Aipatutako hiru irizpideak betez
haur zoriontsuak hazi eta beren bidea egiteko oinarri sendoak jartzea da
funtsa. Ibilbide luze bat da hau, etengabeko ikasketa, eta benetan
gustura daude emaitzekin. «Paretak bota ditugu. Ikasgeletakoak eta,
inportanteena, gure burukoak».
Usurbilgo eta tafallako irakasleak: biluztuta, planoa aldatuta, gozatzen
Haur Hezkuntzarako ikastolen proiektua praktikan ezagutzeko bi ate jo
ditugu, Usurbilgo ikastolarena eta Tafallakoarena. Nekane Alduntzin eta
Alazne Begiristain irakasleek ireki digute lehendabizikoa,
bazkalondoan. Haurren bat hurbildu zaigu agurtzera, baina gutxi daude,
iraila izanik arratsaldean jai baitute oraindik. 3, 4 eta 5 urteko umeak
hezten dituzte hemen eta bakoitzak bere espazioa du, nahiz eta ekintza
batzuetan adinak nahasten dituzten. 4 urtekoen gunean gaude; hagitz
zabala da eta txokotan banatuta dago. Hiru dimentsiotako egitura handi
bat ere badu. Txikiek pila bat erabiltzen dute, imajinatu ere egiten ez
ditugun eratan, gainera. Jolas sinbolikoa eta mugimendua lantzen
dituzte.
Bi irakasle eta 30 haur egoten dira espazio honetan. Eurek aukeratzen
dute non jostatu. Eraikuntza txokoa dute egurrekin eta puzzleekin;
sinbolikoa mozorro, etxeko tresna eta ispiluekin; esperimentaziokoa
hondarrarekin... 3 eta 5 urtekoen espazioetan ere gune horiek daude,
baina adinera egokituak.
Bi irakasle usurbildarrek azaldu digute gauzak beti era batera egin
izan direla eta eroso sentitu izan direla hor. Norberak bere barrenean
lanketa bat egitea eskatu die esperientzia honek eta ikaragarri aberatsa
izaten ari da: «Beste plano batetik ikusten ari gara haurrek beren kasa
egiten dutena. Ze polita eta harrigarria!». Baliabideak eskura jarri
eta esperimentatzen uzten diete. «Behaketa da orain gure lan handi bat.
Ume hau zergatik ez da txoko honetara gerturatzen?».
Denbora egituratua dute. Atean egoten dira haur bakoitzari egun on
erran eta ongietorria egiteko, baita gurasoei ere (hauek beren txokoa
ere badute). Jolas librea izaten dute gero, zirkulazio askean ibiltzeko
tartea. Gero talde bakoitza bere erreferentea den irakaslearekin
elkartzen da eta taldeko jarduerak egiten dituzte hamaiketakoaren
aitzinetik. Ondotik patiora ateratzen dira. Arauak jartzen dituzte: zer
den jolasa eta zer ez, nola erabili materialak... Halere, aitortu dute
ikaragarri zaila dela jostailuak jasoaraztea.
«Gure arteko elkarlana handitzea ere eragin du honek, ezinbestean.
Oso onuragarria izaten ari da. Ateak ireki eta biluztea bezala izan da,
gure gaitasun eta gabeziekin», adierazi dute. Bertze aldaketa handi bat
ebaluazioa izan da: lehen umea baloratzen zen eta orain, txikiaz gain,
helduen egiteko moduak eta proposamenak ere bai. Mahai gaineko jardueren
eta jolasaren artean zegoen etena ere ezabatu da. «Umearen ikasteko
tresna nagusia jolasa da eta hori behatu behar dugu». Pozarren sumatu
ditugu irakasleak begirada berriarekin. Beti ibiltzen dira argazki
kamerarekin, gero haurrek egindakoa familiei erakusteko. Lehendabiziko
promozioa aurten pasatu da Lehen Hezkuntzara eta hemen ere hasi dira
aldaketak sartzen, emaitzekin kontent dauden seinale.
Iñaki Gilek ere pozarren kontatu digu Tafallako Ikastolan egiten ari
direna. «Gure proiektu propioa eraiki dugu eta espazioa, denbora eta
materiala berrantolatu ditugu. Orain obra egitea gelditzen zaigu,
espazioak ireki eta gardentasuna emateko». HHko koordinatzaileak agertu
du gelak espazio izatera pasatu direla: mugimendurako espazio bat dute,
joko sinbolikorako bertze bat, matematikarako (puzzle eta
eraikuntzekin), eskulanetarako eta arakatzeko (hondarrarekin eta
argi-mahaiekin)...
3, 4 eta 5 urteko umeak nahastuta dabiltza, zirkulazio librean.
«Beren kabuz erregulatzen eta kudeatzen dute denbora eta, hala,
autoestima eta ardura indartzen dituzte. Senei ere erantzuten diete: 5
urtekoek 4koak zaintzen dituzte eta 4koek 3koei erakusten diete
zapatilak jartzen. Erlazio ederrak ikusten ditugu. Agresibitatea ere
jaitsi da».
Gilek dio hausnarketa sakon bat egin eta beren ingurura egokitu
dutela proiektua, euskarak bultzada handiagoa behar duen leku batera.
«Haurrak dira ardatza eta irakasleok laguntzaileak, behatzaileak gara».
Hemen ere LHra zabaltzen hasi dira.
*Iturria: GARA EGUNKARIA (MAIDER IANTZI)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina