Eskola kirola 7-16 urte bitarteko pertsonek eskolatze aldian
eta hezkuntza sistemaren barruan irakas-orduetatik kanpo egien
duten kirol antolatua da. Eskola Kirolak izaera hezitzailea du
eta haren helburua parte hartzaileei heziketa integrala, epe
luzerako kirol heziketa, kirol mota ezberdinak ezagutzea eta
eskola-haur GUZTIEI parte hartzeko aukera bermatzea da. Altu
esan daiteke beraz, legeen arabera “Lehiaketa ez dela jomuga”.
Eskola
kirolak defendatzen dituen helburu nagusiak azaldu eta gero,
hurrengo lerroetan eskola kiroleko hezitzaile bezala eta eskola
kirolean ikasle nintzeneko esperientzietan oinarrituz, hausnarketa
kritiko bat konpartitu nahiko nuke
helburu horien inguruan, eta
zehazki, genero ikuspegian zentratuz.
Eskola kiroleko
datuei erreparatuz gero, ikusiko dugu mutilen parte hartzea
neskena baino hiru aldiz handiagoa dela, eta azpimarragarria da
ere, aniztasun funtzionala duten haur oso gutxik parte hartzen
dutela. Zergatik izango ote? “Neskei ez zaielako kirola
gustatzen” edo “aniztasun funtzionala duten pertsonak ez direlako
gai jardueretan parte hartzeko?” Horietako edozein erantzun
zuzena dela pentsatzea oso problematikoa izango litzake,
iceberg-aren punta bakarrik ikusteko gai garela esan nahiko luke
eta. Nesken parte hartze eskasaren inguruan gehiago jakin nahi
nuenez, eskola kirolean parte hartzen ez zuten neska (eta
mutil batzuei) galdetzea erabaki nuen:
-“Zuk eskola kirolean parte hartzen duzu?
-Ez;
-Eta eskolatik kanpo kirolik praktikatzen duzu?
-Umm, ez;
-Zer egiten duzu eskolatik ateratzen zarenean?
-(Haur ezberdinen erantzunak hauek izan ziren). Dantza talde batera joaten naiz; mendira joaten naiz; judo egiten dut; igeriluekura joaten naiz.
-Baina horiek ez al dira kirolak?
-Umm, ez.”
Erantzun
hauek oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Izan ere, haur
hauek eskola kirolean egiten ziren jarduerak bakarrik (futbola,
saskibaloia eta eskubaloia) hartzen zituzten kiroltzat, eta ez
haiek praktikatzen zituztenak. Argi dagoena da, eskola kiroleko
eskaintza ez dela batere erakargarriak haur hauentzako eta,
hortaz, eskolatik kanpo bilatu behar dute haientzako
dibertigarria den jarduera (esan behar da, hau dela ere eskola
kirolean parte hartzen ez duten mutil batzuen kasua). Beraz,
zeinentzako eskola kirola ari gara antolatzen? Zeinentzako dira
nagusiki erakargarriak proposatzen diren 3 kirol tipikoak? Zeinek
erabakitzen du hiru jarduera horiek egin behar direla?
Komunikabideetan hiru kirol horietan gehienbat gizonak bakarrik
ikusteak, neska gazte batek kirol horrekin identifikatua sentitu
eta bertan apuntatzeko aukeran eraginik al du? Eta mutil
batengan? Zuen hausnarketak elkarrekin konpartitzeko aukera izan
nahiko nuke.
Neska eta mutilen taldeak nola antolatzearen
inguruan, Eskola Kiroleko programak, infantilak arte (DBH-ra
arte), ez du ezer zehazten. Hau da, taldeak mistoak izan
daitezke. Erabaki hori eskola bakoitzaren esku geratzen da.
Hortik aurrera ordea, legez, neska eta mutilek talde eta
kategoria ezberdinetan jokatu behar dute. Nik ikusi dudanaren
arabera, normalean benjaminetan elkarrekin jolasten dute, baina
alebinetan jada, kasu gehienetan, bereizi egiten dituzte.
- Zein adinetan hasi beharko ginateke neska eta mutilak bereizten? Zein da alebinetan (10 urterekin) neska eta mutilak bereiztearen arrazoi ezkutua? Neskak okerragoak direla eta mutilekin jolasten badute jokoa motelduko dutela? Mutilak biologikoki neskak baino azkarragoak eta indartsuagoak direla eta, beraz, desberdintasun handia egongo litzakeela? Baina, alebinetan neska eta mutilak biologikoki hain ezberdinak al dira? Gainera, zein arazo dago, berez hezitzailea den inguru batetan, gaitasun ezberdinak dituzten haurrek elkarrekin jolasteko?
- Zergatik ezin dute neska eta mutilek eskola kiroleko fase guztian zehar, hau da, 16-17 urteak arte, elkarrekin jokatzeko aukera izan, Europako beste herrialde batzuetan egiten den bezala (Belgikan esaterako)?
- Zer ari gara erakusten 10 urte dituzten haurrei, neskak eta mutilak talde ezberdinetan jartzen ditugunean? Neska eta mutilek ezin dutela elkarrekin jolastu? Eskola kirolean hori normaltasunez egiten badugu, argumentu berdinak erabiliz, zergatik ez ditugu neska eta mutilak gorputz hezkuntzako irakasgaian ere bereizten? Eskola kirola eta gorputz hezkuntzak oso antzeko helburua dutela kontutan hartuta, zergatik bereizten dira batetan neska eta mutilak eta bestean ez?
- Zer ikasten dute 10 urteko haurrek nesken parte hartzea mutilena baina hiru aldiz txikiagoa dela ikusten dutenean? Futbola, saskibaloia eta eskubaloia mutilen kirolak direla eta neskei ez zaiela kirola gustatzen?
Bestalde,
helburua hezitzailea dela kontutan hartuta, zertarako lehiatu
behar dute eskola kiroleko haurrek asteburuetan? Txapelketak
balore hezitzaileak dituela diotenekin ados nago, baina esango
nuke, gure errealitatean, txapelketaren balore pozoitsuen
ondorioak oraindik ere begi bistakoak direla. Izan ere, bizi
garen gizartean, haren hatzaparretatik ihes egitea ez da batere
erraza. Esaterako, larunbatetako partidetan, ikus daiteke hiru
kirol horietan hain abilak ez diren gazteen parte hartzea ez
dela hain aktiboa, edo ez dutela hainbeste jolasten, edo haien
taldekide eta GURASOEN oihu eta errietak entzun behar dituztela
pase bat “gaizki” egin badute. Zer esperientzia mota izango
dute haur hauek partidu hauetan? Zer eragin izango du
esperientzia horrek etorkizuneko kirol parte hartzean (eskola
kirolaren helburuetako bat dena)? Ondorioak larriak dira.
Bota
ditudan galderen erantzunak eta iradokizunen arrazoiak iceberg
famatuaren behealdean ezkutatzen dira. Bizi garen gizarte
androzentristak eta hegemonikoak sendoki eraiki du eta batzuen
(ez bereziki emakumeen) botere eta interesak mantentzeko ondo
gordetzeaz arduratu denez, erantzunak topatzea ez da lan makala.
Itsasoko ur hotzetan busti nahi duenak bakarrik izango du
horiek ezagutzeko aukera
. Beharbada hortik abiatuta guztiontzako
eskola kirola sortzeko gai izango gara.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina