Pentsa
liteke, berdintasunean oinarritutako heziketa bermatu nahi bada, eredu
mistoa dela egokiena. Hala uste du adibidez Itsaso Nabaskues futbolari
ohi eta EHUko ikerlariak. Datuek, baina, bestelakoa erakusten dute
sarri: elkarrekin jokatzen dutenean mutilek hartu ohi dute protagonismoa
eta, gainera, ezin esan daiteke eskola kirolean nesken parte-hartzea
areagotzen denik. Hori horrela, gaur gaurkoz eredu bananduaren alde
egiten du Ainhoa Azurmendi eskubaloi jokalari ohi eta berdintasun
gaietan adituak. Bi elkarrizketatuak bat datoz: hezkidetza oinarritik
bertatik hasi behar da lantzen.
“Eskola kirolean partaidetza mistoa ezartzeak ez du esan nahi berez emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko modu onena denik, batik bat, sozializazio prozesuan haur guztiek emakume eta gizon izateari buruz ingurutik jasotzen dituzten muturreko mezuengatik, kirol arloak berezko duen izaera maskulinoagatik, eta hezitzaileek hezkidetza lantzeko dituzten mugengatik”, irakurri dezakegu Eskola kirolean neska-mutilen partaidetza mistoa edo banatua: datuetan oinarritutako proposamena (pdf) txostenaren sarreran. Eta amaieran: “Eskola kirolean neska-mutilek banatuta jokatu dezaten iritzia mantentzen dugu. Egia da tarteko ereduak oso egokiak izan daitezkeela, esaterako, jarduera berezietan (orientazioan, piraguan, herri kiroletan…) elkarrekin eta taldekako kiroletan banatuta jokatzea. Alabaina, eredu horrek erabateko estrategia edo heziketa eredu baten barruan egon beharko luke”. Avento aholkularitza-enpresak egin du txostena, Hernani eta Pasaiako udalen eskari banari erantzunez. Bi udalerriotako eta Astigarraga, Beasain, Zumaia eta Gipuzkoako beste hainbat ikastetxeren jarduna aintzat hartuta, txostenaren egileek diote ez dutela ezagutu eredu mistoak nesken partaidetza handitzea ekarri duen esperientziarik; bai, ordea, kontrakoa eragin dutenak.
Txostenaren ondorio nagusiak harritu egin gaituela kontatu diogu Avento enpresako kide Ainhoa Azurmendiri, ez genuela uste hain argi egingo zuenik neska eta mutilak banatzearen alde. “Ez zara bakarra”, erantzun digu. “Jendeak pentsatzen du, berdintasunaren defendatzaile izanik, partaidetza mistoaren aldekoa behar dudala izan. Ez naiz absolutista, eskola kirolaren ingurukoak etengabe errebisatu behar dira, baina gaur gaurkoz, ez dut uste eredu mistoa egokiena denik. Ez gaude erronkari erantzuteko prest”.
Baloia, mutiletik mutilera
Kirol ez formalaz hitz egin digu, txikiak garenetik plazer hutsez espontaneoki egiten dugun jardueraz; eta nola, oro har, gizarteko beste hainbat esparrutan bezala kirolean ere, espazio publikoa mutilek hartzen duten gehienetan. Tradizioz gizonen espazioa baita kirola. Aipatu dizkigu sozializazio prozesua, gorputzaren jabekuntza, familiaren eragina kirola praktikatzerako orduan, inguruneak gugandik espero duena, estereotipoak… eta horiek guztiek zer nolako eragina daukaten neskek kirolarekin izango duten hartu-emanean.Jarduera ez formalean gertatzen den gauza bera sumatu du Azurmendik eskola kirolean ere, taldeko kiroletan bereziki: “Mutilek hartzen dute protagonismoa, eta askotan neskek euren espazioa eztabaidatu gabe uzten dute”. Aventoko teknikariek benjamin mailako talde mistoen lau partida behatu zituzten Pasaia-Lezon, eskubaloiko eta futboleko bina. Eta jabetu ziren, besteak beste, pase gehienak mutilen artekoak izan zirela eta hamar goletatik bederatzi eurek sartu zituztela. Halaber, neskek baino iniziatiba jokabide gehiago azaldu zituzten mutilek; esaterako, baloia galdu ostean neskek ez zuten borroka egiten hura berreskuratzeko, mutilek baloia hartzeko keinua egitean orohar azkar etsitzen zuten neskek. “Gizartearen ispilu dira jarrera hauek, emakumeen gorputza eta espazioaren jabekuntza ezaren ondorio”, dio txostenak.
Hezitzaileak hezi beharra
Azurmendik azaldu digu guraso askok agertu diola eredu mistoaren aldeko iritzia, euren alaba koadrilan-eta mutilekin batera ibilita, ulertezina zaielako eskola kirolean bananduta aritzea. “Gaurko ogia biharko gosea, ordea, kadetetara heltzean ezin izango dutelako elkarrekin jokatzen jarraitu”, esan digu. Eredu mistoa jarri nahi bada, kirol ibilbide osoa irauli beharko litzatekeela uste du Azurmendik, eta ez gaudela puntu horretan. Esaterako, ezin esan daiteke hezkuntza sisteman genero ikuspegia barneratuta dagoenik. “Zoritxarrez, genero ikuspegia ez dago curriculumean erabat txertatua”.Eskola kirolaren inguruan diharduten aditu, irakasle, hezitzaile eta begiraleek, hezkidetzaz nahikoa ezagutza ez dutela dio Azurmendik. Kontua ez da soilik neska eta mutilen parte-hartze orekatua bilatzea; osagai asko dira aintzat hartu beharrekoak: komentarioak, begiradak, bromak, jokalarien sexu joera, jazarpen egoerak kudeatzea... “Hezkidetza ez da neska eta mutilak nahastea eta kitto”. Halaber, badira mutilen taldeetan jokatu baina eredu mistora pasa nahi duten mutilak, “agian ez direlako identifikatzen maskulinitate lehiakorraren ereduarekin”. Zentzu horretan, aipatu behar da mutilek ere mutilen artean bazterketa bizi dutela, arrazoi diferenteak medio. “Ez dut esan nahi emakumeok lehia gogoko ez dugunik e!”, argitu digu.
Itsaso Nabaskues
“Galdera ez da ereduak berezitua ala mistoa izan behar duen, baizik eta indarrean duguna aproposa ote den hezkidetzan sakontzeko”
Real, Athletic eta Oiartzun futbol taldeetan jokatu du Itsaso Nabaskuesek, lesio batek erretiroa hartzera behartu zuen arte. Egun, genero berdintasunaren inguruko ikerketa-lanari lotua dago.
Emakumeen futbolaz eta eskola kirolaz hainbat iritzi artikulu plazaratu duzu. Eskola kirola: Zeinentzako kirola? izenekoan (Klitto!, 2016-10-25) kritiko agertzen zara, besteak beste, 10 urterekin neska eta mutilak bereiztearen inguruan.
Zergatik banandu, eskolan denak batera baldin badaude eta gorputz
hezkuntza elkarrekin egiten badute? Argi dago hezkidetzari dagokionez
lan eskerga dagoela egiteke, badela zer eztabaidatu: Soin hezkuntzan
nesken eta mutilen parte hartzea berdina al da? Ala mutilek dute
protagonismoa? Eskola kirolean ematen diren jarrerak errepikatzen al
dira han ere? Beharbada, eskola kirolean garrantzi handiagoa eman
beharko litzaioke hezkidetza sustatzeari, eta ez hainbeste futboleko,
saskibaloiko edo eskubaloiko arauak ikasteari.
Hiru kirol “tipiko” horiek egin behar direla nork erabakitzen duen galdetzen zenuen aipatu artikuluan…
Nire ustez galdera ez da eskola kirolak berezitua ala mistoa izan
behar duen, baizik eta egiten ditugun jarduerak aproposak ote diren
neska eta mutilen parte hartze hezitzailea bermatzeko, hezkidetzan
sakontzeko. Eta, agian, hiru kirol horiek ez dira egokienak horretarako.
Ez dago legerik behartzen duena eskola kirolean hiru kirol horiek
egitea. Zergatik dute orduan horrenbesteko garrantzia? Helburu
hezitzaileez gaindiko interesak al daude tartean?Azken finean, elkar banantzean, neska eta mutilek ikasten dute bereziturik behar dutela egon. Egia da eredu mistoa gaur gaurkoz ezin daitekeela maila eta kirol guztietan txertatu; esaterako, eskola kirola 16 urtera arte luzatzen delarik, klubetan ere elkarrekin joka genezake, baina biologikoki oso desberdinak garela diote eta…
Hori da kontua. Ba al du zentzurik neska eta mutilek elkarrekin jokatzea, 16 urterekin banandu egiten badituzte?
Bananduko naute baldin eta errendimenduaren bidea hartzen badut.
Aisialdi talde batera joanez gero mutilekin batera jokatuko nuke palan.
Izotz hockeyan elkarrekin entrenatzen dute neska eta mutilek,
atletismoan… Kontuan hartuta biztanleen %10ak jotzen duela
errendimenduko kirolera, noren interesak behar dira ase, %10 horrenak
ala gainerako %90arenak?Dena den, gauzatxo bat: aintzat hartuta eskola kirolean monitore gisa izan dudan esperientzia [Lezon], eta generoa aldagai oso inportantea dela onartuta ere, esango nuke, orohar, norberak duen abileziaren araberakoa dela talde barruan izango duen protagonismoa; alegia, trebeagoa izan ala ez, bereziki horren menpe dagoela baztertua ala integratua izatea. Bestetik, jende asko senti daiteke baztertua, urritasun bat duelako, sexu-joeragatik…
Monitorearen figura aipatu duzula-eta, hezkidetzan nahikoa trebatuak daudela uste al duzu?
Hain justu horri buruzko ikerketa egiten ari gara Gasteizko
campusean, soin hezkuntzako irakasle eta ikasleekin, eta ikusi dugu
inklusioaren eta abileziaren inguruan nozio tradizionalak dauzkatela,
eta ez direla gai sentitzen etorkizuneko –begiraleak direnean– erronkei
erantzuteko. Jarrera positiboa agertu arren mugak dauzkate. Zergatik
aritu behar dira neska eta mutilak bananduta? Nola bultza daiteke
abilezia desberdineko umeen parte-hartzea?. Gauza askori buruz hausnartu
behar dugu.Bide batez: monitoreei “entrenatzaile” deitu ohi zaie; eskola kirola lehiarekin lotzen dugula erakusten du horrek.
Eskema batzuk barneraturik ditugu oso, subkontzientean iltzaturik.
Hala da. Ez dugunez ezagutzen gauzak egiteko beste eredurik,
ondorioez hain kontziente ez garenez, aldatzeko beharrik ere ez dugu
ikusten. “Neskei ez zaie kirola gustatzen”. Hori ez da horrela, ez da
zerbait genetikoa, ikasitakoa baizik. Subkontzientean dauzkagun gauza
horiek dira arriskutsuenak, ez garelako ondorioez ohartu ere egiten.
Kirola, futbola zehazki, tresna eraginkorra izan daiteke balore hezitzaileak transmititzeko, egoki landuz gero bederen…
Hala da, ez dut esaten futbolari boikota egin behar zaionik, baizik
eta kontziente izan behar dugula hark duen kutsu maskulinoaz, eta lan
egin behar dela balizko jokaera okerrak zuzentzeko, inor baztertua ez
sentitzeko… Harremanetan sakondu eta estereotipoak iraultzeko tresna
eraginkorra izan daiteke, baina ez abileziaren arabera soilik
egituratzen baldin bada.Askotan, hezkidetzan sakondu aldera, futbola, saskibaloia eta eskubaloiaz gain beste kirol batzuk ere landu beharko genituzkeela hitz egin ohi dugu lankideon artean, baina guraso batzuek errezeloz hartzen dute. Pena da.
*Iturria: ARGIA Jon Torner Zabala
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina